Tontorramendi   386m

Atzera

 

Ibilbidea

Tontorramenditik (386) edo hobeto esanda , bere magaletan kokaturik dagoen Santakutzeko baselizatik ia Ondarroako herri osoa ikus daiteke, itsas hertz polit honetaz gozatzeko aukera emanez.

Kresal usain eta itsas soinuekin nahasten diren baserri txoko eta batzutan aldapatsu diren zelai eta pinudietan murgilduko gara, txango errez hau burutzeko.

Ibilbidea ertzaintzaren eraikinaren aurretik irteten den bidea hartuz hasiko dugu. Aldapa honen bukaera, Iramategi barri baserrian dugu. Gero eskuin aldeko bidea jarraituz Iramategi zahar igaro eta Mokao baserrira helduko gara, bertan egarria asetzeko iturria aurkituko dugularik.

Mokao baserri aurreko zementuzko bidea hartuko dugu orain , eta behi haztegira heldu baino arinago ezkerretara eta gorantz joko dugu lurrezko bide batetik, pinuditik irten arte. Gero bistan geratzen den tontorrera zuzen.

Tontorramendin gaude, bertan Aurrera Mendi Taldeak ipinitako Eifel Dorrearen itxura duen buzoia dago. Toki ezin hobea ondo merezitako atseden txiki bat hartzeko.

Jeitxierak harri solteagatik kontu ipini beharko dugun bideak, atesare bat igaroz, ipar aldera geratzen diren antenetara eramango gaitu.

Zementuzko pista zeharkatuz, pinudian sartzen den bidezidor bat hartuko dugu Santakutzeko zelaietara heldu arte.

Merezi du leku polit honek eskaintzen dituen bistekin gozatzeko tarte bat hartzea. Santakutzeko baselizatik Ondarroa ia osoa ikus daiteke, bere alde zaharra aurrez aurre dugularik.

Oraingoan “Via Crucis”-ko gurutzeek bidea erakusten digute, beraiei segi eginez Burgo baserrira heltzen garelarik. Handik asfaltozko bideari ekinez Artadialde elkartetxe albotik igaroz bidea dena beherantz egiten dugu.

Aukera polita da ere itsasoari begira dagoen Akilla tontorrera igotzeko. Aldatz txiki bat gaindituz, itsasalde honen bista oso politak ikus ditzakegu.

Berriro asfaltatuzko bidea beherantz hartuaz eta Akilla baserria albo batera utziz, Txori erreka auzora helduko gara, gure txango hau bukatuz.

Bertan gaudelarik, auto bidetik eskuinetara jo eta Arrigorriko behatokitik jaitsiz Ondarroako herria ezagutzeko aukera ez dugu galduko.

 

Ibilbidearen GPS puntuak (OZI Explorer formatoan): tontorramendi.wpt

 

(c) Aurrera Mendi Taldea