Castro Valnera

Atzera

 

Ibilbidea eta perfila

Noiz

  Urriak 14
 
 
 
 
 
 

Denbora

  4 ordu

Desnibela

  872m igotzen, 611m jeisten

Goizeko zortziak laurden gutxiago. Fresko samar. Zapatuko euri zaparraden eta behe-lainoen arrastorik ez. Eguraldia hobera zihoala eta, pozik geunden. Autobus bete mendigoizale, Burgoserako bidean...

Hamarrak eta hamar minutu ziren, Espinosa de los Monteros herria atzean utzi eta Lunadara daroan errepidearen 3,5 kilometroan autobusa gelditu zenean.

Autobusetik jaitsi orduko, Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeko lagun batzuk bidea markatzeari ekin zioten. Bien bitartean, osterantzeko mendigoizaleak, bide-hegalean geratu ginen, botak janzten edo lotzen, motxiletan badaezpadako arropa zein jakiak sartzen, oinez hasteko desiratzen.

Hamarrak eta erdiak ziren, harri eta lurrezko pistatik barrena abiatu ginenean. Aldapa handirik gabe, apurka-apurka gorantz gindoazen. Ezker-eskuma, zelai orlegi ederrak ikusi genituen, den-denak harri-horma txikiz, mugarriz, inguraturik. Han-hemenka, bazeuden sasoi bateko kare-harrizko txabolak, arbelezko teilatuz jantziak, lizarren gerizpean.

Ordu eta erdi igaro ondoren, harri eta lurrezko pistatik atera eta ezkerraldeko bidezidorra hartu genuen. Arta txikien basotik gora, aldapa gogortzen hasi zen, baina perretxiko-kontuak tarteko, artean nekerik ez zen ageri.

Basoa ere atzean utzita, hare-harri eta konglomeratu artetik sartu ginen. Bat-batean, gurma zarratua eta hezetasuna nagusitu ziren. Errekastoak nonahi zabaltzen ziren. Une batzuetan, gure kostaldeko haitzetan genbiltzala ere pentsatu genuen. Bada, pasaia bitxi adina polit horretan sartu ginenetik, ordubete behar izan genuen, Castro Valneraren tontorra egiteko (1.707 metro).

Tontorrean, aurre-aldeko ikuspegi zoragarriez gozatu genuen: amildegi belartsu ikaragarriak, mendi txikien artean hedatutako lautadatxoak, auzuneak... Ipar-mendebalera begiratuz gero, Kantauri itsasoa ere zabal-zabal ikusten zen.

Zerbait jan eta argazki batzuk atera ondoren, Pico la Miel mendirantz abiatu ginen. Minutu batzuk igaro ostean, aurreko aldean ikusi genuen Pico la Miel, piramide bat bailitzan, sendo eta erronkari. Castro Valnerako mendilerroa utzi eta zelai batetik behera egin ondoren, aldapan gora hasi ginen ostera ere. Tontorrera iritsi aurretik, aldiz, behe-lainoa sartu, eta giroa apur bat gaiztotu zen. Halaber, batek baino gehiagok bereak eta bi ikusi behar izan zituen, harri artean, azken aldapa gogorra igotzeko. Izerdiz blai, eta arnasestu bat edo beste, ordu biak ziren Pico la Mielera (1561 metro) heldu ginenean.

Ordu eta erdi eskasean, beherantz eginda, Lunadako eski-estazioan geunden. Aldatu, bazkaldu eta etxerako bideari ekin genion. Autobusean, lo kuluxkarik ez zen falta izan.

HARITZA                  

 

(c) Aurrera Mendi Taldea